To Shoot an Elephant proiektatuko dugu astelehenean

toshootan elephantDuela urtebete, Gazan, “berun urtua” operazioan 1.400 inguru palestinar hil zituen Israelek, atzerriko kazetariak kanporatu ostean. Jazotakoak barrutik ikusi eta grabatu zituen Alberto Arcek. Bertan geratutako lekuko bakanetakoa dugu bera, eta bere testigantza gordina “Nazioarteko Komunitatearen” sarraskiarekiko konplizitatearen salaketa ozena dugu: To Shoot an Elephant dokumentala.

Mundu osoan estreinaldi eguna izango da urtarrilaren 18, Global Screening Day – Global Screaming bataiatu dute sarean oinarritutako zabalkunde esperientzia kolektibo berri hau Arcek eta bere lantaldekoek. Euren helburua argi dute ahalik eta zabalkunde gehiago ematea dela lan honi. Horregatik banaketa libreko Creative Commons lizentzia ezarri diote ekoizpenari, gainera eurek ezarri dute Bittorrent moduan doan eskuratzeko Interneten eta internautak animatu dituzte tokian tokiko doako proiekzioak eginez ekimen global honetan esku hartzeko. Gurean irratia.com irratsaioak antolatu du emanaldia, 19:30ean, Bilbo Hirian saioa bukatu eta ordu erdira, Bilboko Kafe Antzokian. Irratsaioan, besteak beste, ekimen honen inguruan mintzatuko gara zuzenean.

DVD formatoan Eguzki Bideoak banatzaile-ekoizle kolektibo nafarra zabaltzen ari da To Shoot an Elephant dokumentala eta proiekzioetan bertan eskura daitezke DVD honen kopiak. Gainera, nahi duenak aukera izango du bideoa bere pendrive edo USB gailuan etxera eramateko ere.

165. saioa: 2010 urtea ON abiatu dugu

bederatzi @ 2009 Joxe Rojas Teknopatarekin solasean
#Asel askatu esanez eta Fermin Muguruza eta Manu Chaoren Maputxe kantuagaz abiatu dugu 2010eko lehen saioa. Ozen eta argi. Podcast hau ere, Txilen edo Euskal Herrian libre entzun dezan abeslari, idazle eta blogari euskaldunak.
Joxe Rojas Teknopata blogaria izan da 2009ko urtea sarean gugaz batera komentatu duena. Oso elkarrizketa interesgarria izan da, solasaldi tekno/sozial/kultural mamitsua egin dugulakoan.
2009koak errepasatu eta 2010erako nondik norakoak aurrikusten ere egin dugu gure ahalegina, Joxe Rojas, Jabi Zabala eta Patxi Gaztelumendik.
Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

egunkarialibre.info irrati saio berezia

Abenduaren 19an manifestazio nazionala Bilbon.


irratia.com eta egunkarialibre.info auzolanean. Bilbo Hiria irratitik zuzenean arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Manifestazioa, iritziak, Egunkariako auzipetuak, elkartasuna, jendea, irrintziak, oihuak, salaketa, elkartasuna, kalea, mobilizazioak, argazkiak, irudiak, zuzeneko irudiak, musika, ahotsa, mezuak…

Irrati emankizuna FMtik (96.0 fm) zein Internetetik zuzenean, mundu osora. Auzolanean egindako saioa izango da, jendea kalean, telefono irekia, mikrofonoak partehartzea bultzatzen. Twitter mezuak, argazkiak, komentarioak… sareko emankizun solidario bat.

Saioa entzun edo  eskuratzeko HEMEN klikatu.

163. saioa: Xabier Amuriza eta badok.info


Euskal Herriko bertsolari txapelketako finalaren biharamunean, Maialen Lujanbio txapeldunaren agurrarekin abiatu dugu saioa, eta Mikel Laboaren doinuekin. Eta Xabier Amuriza izan da gurean, txapelketaz berba egin dugu lehenengo, bertsolaritzaz, emakume batek irabaztea eragin zion negarraz, eta pozaz. Eta txapelketako gaiak ere modu kritiko batean aipatu ditu Xabier Amurizak.

Bertsolari eta idazle dugu Xabier Amuriza, eta bere azken Olatu bat kuartelen gainetik liburuaz berba egiteko parada hartu dugu. Sortzaile den aldetik. Interesgarri 60. hamarkadako borborra zelan kontatu digun gazteagoei.

badok.info
badok.info

Musikarekin jarraitu dugu, euskal kulturaz jarduten garen saio honetan. Euskarazko musikagintza berriak, kantagintzak, rockak atari berria du Interneten: badok.info Jon Eskisabel Berria egunkariko kazetariak atariaren inguruko xehetasunak, prozesua bera azaldu digu. Sekulako webgunea da badok.info interesgarria entzuteko, irakurtzeko, bideoak ikusteko. 60. hamarkadatik gaur egun arteko kontakizun bizia, multimedia.
Egunkaria libre
Egunkaria Madrilen
Eta Jon Eskisabelek bereziki aipatu du Martxelo Otamendi Egunkaria eta Berriako zuzendaria. Bere gogoa eta indarrarekin egin eta osatu dela badok.info eta zelan agurtu dituzten Madrilera bidean, epaiketara. Elkartasunaz berba egitean, guri ere begiak busti eta ahotsa moteldu zaigu. Historiaren taberna kantua eskaini diegu, zelan ez.

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

162. saioa: Sahararen aldeko musika librea eta albiste digitalak Teknoflash saioan


Argazkiak.org | bi herri, irrintzi bat. Musikherria / Sahara © cc-by-sa: irratia.com

Musikherria disketxekoek elkarlanean burutu dute azken disko hau. Sahararen aldeko lana burutu dute talde ezberdinek. Horko doinuekin abiatu dugu irrati emankizuna. Saharan hasi, eta bestelako doinuekin jarraitzeko, Durangoko azokaren atarian.

Musikarekin jarraitu dugu, Mikel Laboari Bi kate bertsio berezia eskaintzeko, BAP! taldearena. Eta gero eitb.com eta bereziki ETBko albistegietako tarte berezi bat ezagutu dugu Iñaki Olano kazetariaren eskutik: Teknoflash
Luze aritu gara albiste digitalak, kultura digitalaz, teknologia berriak eta hedabide zaharretaz. Eta saio honek zein besteek zelan bat egiten dute sare sozialetan.

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

161. saioa: Mapa libre batean kultura aurkitzen


Argazkiak.org | Bilbo OpenStreetMapen 2007/07/01 © cc-by-sa: garaolaza

Open Street map ezagutzen duzu?
Munduko mapa librea da, wikipedia egiten den bezala osatzen ari den mapa. Euskal Herria ez dakigu esistitzen den, baina euskal herriak hasi dira mapeatzen bertan. Mikel Lizarraldek azaldu digu mapak zelan egiten diren.
Eta mapan ibili gara gora eta behera, Durangora heltzeko. Azokatik paraje, Ahotsenea topatu dugu, eta Edorta Jimenezekin hasi gara berbetan. Sorkuntza, literatura, musika, hizkuntza, azoka… tartean kantu batzuk entzun ditugu, zelan ez.
azkara.

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

160. saioa: Xabi Zura gure artean

Xabi Strubell musikari, sortzaile eta blogaria izan da gure artean, Zura taldearen agur eta azken txanparen aitzakian.
Musikak, poesia, sorkuntza, sare sozialak, Internet, blogak hartu ditugu hizpide. Berak sortutako doinu eta kantuak entzun ditugu bitartean.

Saioaren bigarren zatian Albisteak 2.0 espazioan, aktualitate teknologiari buruz berbetan aritu gara, labur eta azkara.

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

159. saioa: Firefox nabigatzaileak 5 urte

Firefox nabigatzaile libreak 5 urte bete dituela eta, saio berezia egin dugu. Librezale.org ekimeneko Julen Ruiz Aizpuru izan da gurean, firefoxen lokalizazio eta garapenei buruz berbetan.

Saioaren bigarren zatian Berlineko harresiarekin lotura duten kantuak entzun, komentatu eta bertsolari txapelketan murgildu gara.

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

158. saioa: Ubuntu 9.10 berriaren inguruko esperientziak

Ubuntu 9.10 sistema eragile librea hartu dugu hizpide, azken argitarpenetik egun bakar batzuetara.  Irratira Josu Orbe irakaslea gonbidatu dugu, eta Ubunturen gaineko xehetasunak, bitxikeriak eta azalpenak eman dizkigu. Bere Ubuntu Basque Experience bloga alde horretatik edukiz jositako webgunea da. Entzuleek ere #ubuntu11 etiketa erabilita, bere esperientziak kontatu dizkigute twitter bidez.


Argazkiak.org | ubuntu 9.10 © cc-by-sa: gaztelumendi

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

157. saioa: Xiberoko Botza, Santimamiñe garaiko Internet eta albisteak 2.0

Xiberoko Botza irrati euskalduna izan dugu hizpide: Joanes Etxebarria irrati esataria eta webgune berrituko arduraduna aritu da gurekin hizketan. Irratia.com emankizunean xiberuraz aritu da bera, eta Interneteko aukerak aztertu ditugu berarekin. Egun, irrati euskaldun hori egiteko Internetek eskaintzen dizkien aukerak zehaztu ditu Etxebarriak.

Saioaren bigarren zatian, musika aditu ondoren geocities zena zelan desagertuko den komentatu dugu. Interneten historian, euskarazko lehen webguneak kasu, gogoratzeko parada izan dugu. Ostean asteroko albistegi digitalari –Albisteak 2.0– ekin diogu.

Saioa eskuratzeko HEMEN klikatu.

Euskal irrati digitala