Kategoriaren artxiboa: Gurean asteon (podcast)

Asteroko saioa, astearteetan Bilbo Hiria irratian egiten duguna, gerora podcast moduan sarean eskuragarri jartzen duguna.

57. saioa: Stallman Zarautzen, danbaka.com

Iragan asteburuan Xakela gazte asanbladak Zarauzko Putzuzulo gaztetxean eginiko Software asteburu librea jardunaldiak izan ditugu hizpide gaurkoan. Kronika txiki bat egin dugu han ikusi-entzun-esandakoen inguruan. Bertatik emititzen duen Arraio irratia ere aipatu dugu, Interneten birsortutako irrati librea, 80ko urteetan jatorria zuena, eta berriro ere uhinetara egin du salto sarean agertu ostean. Beraiek asteburuko hitzaldiak bildu eta webgunean eskegi dituzte entzungai, .ogg formatoan.

Bestalde, danbaka.com webgune berria bisitatu eta bertan ostatu hartuta dauden talde batzuen kantak entzun ditugu, bertan eskuratuta.

Saioa entzuteko HEMEN klikatu.

56. saioa: La Kermes eta software asteburu librea

Ruso eta Andres Belmonte musikariek proiektu berria abiatu dute: la kermes. Arratsalde eguzkitsuetako solasaldi eta jaia da Kermes. Diskoa ere horrelakoa da, solasaldi bat, sakona, gogoeta bat munduari. Hizkuntza asko daude elkarrizketan: gaztelania, frantsesa, euskara… eta musika anitza. Gurean izan dira, disko berriarekin. Eta elkarrizketa koloretsua atera diegu. Musikari onak eta kolaboratzaile ezagunak tartean. Entzuteko modukoa.

Eta saioaren bigarren zatian Zarautzen asteburuan burutuko den software asteburu librea izan dugu hizketagai. Programaz jardun gara, dauden gauza interesgarriak, eta Richard Stallmanen bisita gogoratu dugu. Asteburuon, Zarautzen.

Irrati emankizuna entzun gura baduzu: HEMEN.

55. saioa: Fermin Muguruza diskoa kaleratu eta hilabetera, errepasoa eginez

Fermin Muguruza izan dugu gurean, diskoa kaleratu zuenetik hilabetea igaro denean. Aurkezpenak egin ditu lehenbizi Donostian (Euskal Herria), Bartzelonara (Katalunia) joateko, gero Madrilen (Espainia); Parisen eta Berlinen ere egin asmo zuen, baina aitaren heriotzak dena gelditu zuen. Orain, egin duen lehen elkarrizketa eskaini dio irratia.com emankizunari.

Euskal Herria, Jamaika, musikaren panorama, egoera politikoa, nazioarteko egoera… zertaz ez garen mintzatu ordu beteko saioan. Disko osoa entzun, eta kalaka interesgarria izan dugu. Entzun gura baduzue: HEMEN.

54. saioa: blogs&beers 3.0 eta Sototik Tusurirekin

Blogs&beers blogarien topaketa berri bat daukagu asteon. Ostiralean Larrabetzuko gaztetxean batuko gara zenbait euskal blogari. Aitzakia hori hartuta, berbetan aritu gara Sergiorekin, larrabetzuar linuxzalearekin. LarraB&Btzu izendapenarekin 3. topaketa honetarako gonbitea luzatu digu berak. Ostean, beste blogari eta musika sortzaile bat izan da gure irrati emankizunean: Oier Iruretagoiena, Tusuri. Sototik saioa egiten du Oreretako Zintzilik irrati librean, eta musika esperimentala sortzen dihardu, besteak beste. Tusura Mishuri proiektu berriko Laboa kantua entzuten genuen bitartean, soinumapa.net proiektua ere aurkeztu digu.

Irrati emankizuna osorik entzuteko: Klik.

53. saioa: Montenegrotik zuzenean eta Luistxo Fernandez

Montenegrok igandean bozkatu zuen independentziaren alde eta hainbat euskaldun izan dira bertan, azetari, politikari eta begiraleak, gertakizun historiko horren lekuko. Euren artean Patxi izan dugu eta Montenegrotik bertatik zuzenean egin digu egunotan ikusi eta bizi izan duenaren kontaketa. Bestalde, Luistxo Fernandez gonbidatu dugu gurekin solastera. Norbaitek euskaltzain izendatzea proposatu du kazetari eta saiogile ibilitako Luistxo eibartarra, egun enpresa gizona eta blogaria dugu, mapengatik berebiziko interesa duena eta aurki AEBetara abiatuko dena, bere Tagzania dela eta, Google Maps-en inguruko bilkura batera. Euskal sareari lotuta, bera tartean ibili den eta dabilen hainbat proiekturen gainean mintzatu gara. Azken urteotako historiaren bilan txikia egin eta haren iritziak entzun ditugu Interneti lotutako hainbat gairen inguruan.

Saioa entzuteko, klikatu, HEMEN.

52. saioa: eremulauak.com, Nun sarean eta Inon izatekotan

Xabier Doncel izan dugu gurekin. Kazetaria eta musikaria dugunez gero bi kontu berri izan ditugu hizpide, biak lotuta baitatoz. Izan ere, berak ere esku hartzen duen eremulauak.com proiektua eraberritu dute. Nun taldearen gainean ere jardun dugu, berak bertan jotzen baitu eta bihar Eremu Lauak webguneak euren diskoa aurkeztuko du. Diskoa Creative Commons lizentziapean aterako dute eta Interneten doan eskuratu ahal izango da, eMuletik zein webgunetik bertatik jaitsita.
Juan Luis Zabala idazlearekin ere mintzatu gara, berak Inon izatekotan izenburuko blog berria zabaldu baitu Berriaren webgunean. Berrian erredaktore dabil Pipi, eta izen bereko liburua argitaratu berri du Susa argitaletxearekin. Matrako jaia ere izan dugu hizpide.
Programa entzun gura baduzu, HEMEN.

51. saioa: Fermin Muguruza eta Martxelo Otamendi

Euskal Herria Jamaika Clash aurkezten izan dugu Fermin Muguruza Bilbo Hiria irratian. Anartz Bilbaok (Gaubasa) eta Jabi Zabalak (irratia.com) elkarrizketa egin, eta bi zatitan eman dugu irratitik. Jamaikan grabatutako BASS-QUE CULTURE dokumentala ETBn emititzen zuten egun berean eman dugu elkarrizketaren txatal luze bat, kantu batzuk tartekatuz.

Martxelo Otamendirekin Berria egunkariari buruz aritu behar gara, Bilbon aurkeztuko dute Garai berriak ulertzeko kanpaina honen emaitza: maiatzaren 11tik aurrera ikusiko den egunkari berritua. Horretaz, zein Interneteko edizioaz mintzatu zaigu BERRIAko zuzendaria.

Eguneraketa: Berriak albiste bat argitaratu du edizio elektroniko berrituaz.
Programa entzun gura baduzu, HEMEN.
Ferminekin izandako solasaldia osorik entzun nahi baduzu, jaitsi HEMENDIK.

50. saioa: Maiatzaren lehena eta Gotzon Garate

Maiatzaren lehenaren biharamunean ari gara irrati emankizuna egiten. Maiatzaren lehenaren egunsentian, esan badaiteke. Mundu osoan ospatu du, eta horren islada eman nahi izan dugu gure irratsaioan ere. Interneten bidez, azkar jakin dugu munduko berri. Europan adibidez, ekimen berezia burutzen da azken urteotan Euromayday, Berlin istiluak izan direla aipatu du ETBk baina ekitaldi asko eta ezberdinak burutzen dira han, Evo Moralesek ekimen berria jarri du martxan Bolivian, eta mundu osoko kapitalistak urduri jarri ditu. Ameriketako Estatu Batuetan etorkinek, paperik gabekoek greba egin dute, eta kalera atera dira.

Guk gaurkoan, kantu bereziak hautatu ditugu, lanarekin, langileekin, greba eta mobilizazioei lotutakoak. Maiatzaren lehenaren soinu banda deitu diogu gure emankizunari. Maiakovskiren Bertso berriak igarobide sobietikoari irakurri dizkigu Mieltxok.
Gotzon Garate
Eta gaur, besteak beste Euskal Filologia karrerak Deustun 30 urte betetzen dituenean, Gotzon Garate omendu dute bere ikasle eta lankideek unibertsitatean. Txuma Murugarren bertan izan da, eta bertako berri ekarri digu irratira. Berak ere kanta bat eskaini dio, eta Gotzon Garateren maisutasunaz eta xumetasunaz mintzatu zaigu. Berak batutako maiatzeko atsotitzak izan ditugu hizpide guk. Txumaren kantu batekin agurtu dugu saioa.

Irratsaioko loturak, zuzenean jarraitzeko irratiacom etiketarekin: del.icio.us

Programa entzun gura baduzu, HEMEN.

49. saioa: Tagzania, mapak eta mundua etiketatzen

Googlemaps aplikazioak berrikuntza ugari eskaini ditu asteon, azkena gaur goizaldean Euskal Herrian goizeko 3:00ak zirenean. Adi adi jarraitu dituzte Eibarren tagzania.com egiten duten lagunek. Tagzania iazko uztailean (2005ean) pentsatu, asmatu eta gauzatu zuten, eta geroztik mundua etiketatzen dihardu ehundaka lagunek. Horretaz mintzatu gara Luistxo Fernandezekin. Elkarrizketa mamitsua izan da, eduki berriz hornitua. Beste adibide asko ere eman dizkigu eibartarrak, eta del.icio.us loturetan jarri ditugu zintzilikatuta. Zuek ere ikusi ditzazuen.

Elkarrizketaren ostean, Interneteko azken albisteak komentatu ditugu. Egunero berritzen eta garatzen ari den Interneteko berriak. Musika ona izan dugu lagun.

Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.

48. saioa: Gazte Topagunea, Aho Bete Kanta

Etxarriko Gazte topagunea eta bertan GazteSareak egin duen jarraipena izan ditugu hizpide gaurkoan. Topaketa horretan Interneten bidez hedatzen den Irauli Uhinak irratsaioak berebiziko zeregina izan du, bertatik saio bereziak eginez. Bertako esatari Haginen eskutik Irauli Uhinak proiektuaren berri izan dugu gaurkoan. Saioak mp3 eta ogg formatoetan eskegitzen dituzte eta, Internet hedabide moduan erabiliz gauza gehiago egiteko asmoa dute. Gazte Topagunean software librea, segurtasuna, blogak eta hacklabak izan dira hizpide hainbat hitzalditan. Gazte Sarean eskegi dituzten Kaiolatik at bideoak ere nabarmendu ditugu.

Bestalde, YouTube eta bertan azkenaldion agertu diren Corta un momento (Australiako telebista bateko kazetaria Espainiako gobernuko ordezkari bati torturari buruzko galdera ezerosoak egiten) eta Fermin Muguruzaren azken bideoklipa.

Aho Bete Kanta proiektuaz ere jardun dugu. Proiektu honen helburua azken 40 urteotako euskal herri musikak emandako piezarik esanguratsuenak aukeratu eta musika eskolen errepertorio didaktikoan sartzea da. Mila ale bildu nahi dituen proiektu honen lehen sortak 230 kanta bildu ditu, bakoitza kantaren inguruko azalpenekin, argazkiekin eta partiturekin. Barruan DVD-ROMa dakarren liburua hasi dira banatzen musika eskoletan, baina dudarik gabe webgunea izango da herritar orok proiektu horretarako sarbidea izateko modu nagusia, eskuragarriena eta bateragarriena delako.

Besteak beste, Coloradotik (AEB) jaso dugun entzule baten feedback-a aipatu dugu eta gogoratu dugu delicious-en irratiacom etiketa jarriz zuen lotura interesgarriak bidali ditzakezuela, aipa ditzagun. Gainerako irratiei dagokienez, Eguzki Irratiaren berpiztea ikusi dugu egunotan, zorionez, baina Antxeta irratian uholdeak egindako kaltearen albistea ere heldu zaigu tamalez.

Saioa entzuteko, HEMEN klik egin.