jabea-(r)en bidalketa guztiak

38. saioa: FON haririk gabeko nazioarteko sarerantz

FON mugimenduari buruz aritu gara saioan. Haririk gabeko sareaz, FONen lan egiten duen Gernikako euskaldun batekin, Iurgirekin. Ingeniaria da eta aspaldi honetan Madrilen ari da lanean, eta Skype bidez elkarrizketa egin dugu dugu beragaz

Fon Mugimenduaren gainean, kezkak eta galderak bidali dizkigute entzule batzuek, eta guk irratsaioan zuzenean bota ditugu. Azkenerako oso saio txukuna geratu da, ezbairik gabe.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

37. saioa: Eremulauak.com

Eremulauak.com guneak urtea bete duela eta, elkarrizketa luzea egin dugu Gorka Bereziartua, sortzaileetako batekin. Eremulauak.com kulturari buruzko blog kolektibotzat jo du berak, eta unibertsitatean hainbat ikasleen burutuazioetatik, 30 kolaboratzaile ingururen gunea bilakatu da.
Musika, zinema, literatura, artea…. izaten dute hizpide. Albisteak, iritziak, kronikak, kritikak, denetarik aurkituko dugu kultur webgune honetan. Foroak eta agendak adibidez, sekulako arrakasta dutela bistan da.

Elkarrizketa egin ostean, 2006 urteak Euskal Herrira teknologia berrien inguruan, eta batik bat Interneten ekarriko duenaz aritu gara. Software soziala, blog gehiago, software librea eta euskarari buruz be mintzatu gara. Jakingo bagenu bezala, tira.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

36. saioa: Euskal irratiak hizpide/ EZLN eta Bolivia

Azti Begia elkartea prestatzen ari den Info 7 irrati berria urtarrilaren 27an aurkeztuko da Urruñan. Euskal Herri osorak irratia izango da eta Interneten emititzen hasiko da, satelite bidez eta FM bidez ere jasotzeko aukera izango dugu aurrerantzean. (Gara, Berria).

Euskal irratietatik bidaia egin dugu, dialean bezala Internetetik. Herrialdez herrialdeko errepasoa egin dugu, eta hainbat berri eta gertakizun topatu ditugu parean. Euskalerria irratiaren afera izan dugu hizpide, garaipen moduan hartu dute Nafarroako gobernuarekin duten kontu hori, lizentziak ukatzea eta ondorioz subentziorik ez ematea.

Ipar Euskal Herrian Gure Irratiaren egoerez mintzatuz hasi gara, eta ostean hango euskal irratien panorama aztertu dugu. Lapurdin bi irrati euskaldun: Antxeta eta Gure Irratia. Behe Nafarroan Irulegi irratia eta Zuberoan Xiberuko botza. Horrez gain, oraintsu basqueradio.com eta radiokultura.com proiektuak abiatu dituzte, Interneteko irrati gisa, ekimen berritzaile eta moderno. Entzungarri, eta guk saioan bertan eskaini ditugu, ordenadoretik entzunda.

Arabako Hala Bedi, Gipuzkoako Zintzilik, Bizkaiko hiriburuan; Bilbo Hiria, Irola eta beste zenbait ere hizpide izan ditugu saioan zehar.

Mexiko eta Bolivia
Gure irratsaioan Euskal Herritik abiatuta Mexiko eta Boliviara heldu gara. EZLN izan dugu hizpide hasieran Ramonaren heriotzaren karietara, La otra campañaren berri eduki eta Marcos sub-aren bloga ere ikusi dugu. Bolivian Evo Moralesen gunetik, beste zenbait gune eta kultura indigenen berri izan dugu. Cocari buruz beraiek duten pentsaera irratitik irakurri dugu.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

35. saioa: Makalarekin hor dantzan

Hondartzan diskoa entzuten jarri, eta Makala izan dugu gurekin irratsaioan. Kantuak entzun, kantuak komentatu. Musika beltzaz aritu gara, musikagintzaz. Diskoari buruz, eta disketxeen gainean. Musika elektronikoa eta Internet izan ditugu hizpide Zarautzko musikariarekin. Horrez gain, Interneten zuzenean emititzen hasi den Saharauien irrati nazionala entzun dugu eta sareari buruzko zenbait albiste aipatu ditugu.

Urtea doinu beroekin amaitu dugu, eta dantzan jarri gaitu aspaldian Euskal Herrian egin den disko beltz bezain koloretsuena den honek.
Egilea: Makala
Diskoa: Hondartzan
Disketxea: Metak

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

34. saioa: Andoni Egaña BECtsolaritzaz

Laugarren txapela jantzi zuen domekan Barakaldon. Euskal Herriko bertsolaritza puri purian dago, gori gori daude labe garaiak, BEC bertsoaren erakustazoka bilakatu zen. Komunikabide guzti guztiak han, bertsoaren adi. Internet ere erakusleiho bilakatu da, nazioartean bezala, hemen ere. Euskal Herrian. Blogetan bertso saioak komentatu, iritzia eman, foroan kezkak agertu, webgunean datuak begiratu. Sarrerak erosi…
Bertsolaritzaren aro digitalean sartu gara, eta horretarako guk ere Andoni Egaña izan dugu geurean. Igandeko saioak, bere bertsolari lagunei buruzko ikuspegia, bertsogintza eta bertsolaritzaren oraina eta gero aztertu eta komentatu ditugu. Egaña hunkitu batek, oso hitz gozoak bota ditu elkarrizketa osoan. “Euskal Herria ikusi genuen han, eta han Euskal Herria ikusi zuen askok” aipatu digu besteak beste.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN.

33. saioa: Firefox, Podcast-ak, delicious

Gaurko saioan hainbat albiste aipatu ditugu, besteak beste, Firefox 1.5 euskaraz atera dutela Librezale gunean. Podcast-ak izan ditugu hizpide eta Teketen-en erakusgarri txiki bat jarri dugu. Podcasten mp3 artxiboen barruan bilaketak egitea ahalbidetzen duten Podzinger eta Podscope zerbitzuak aipatu ditugu. Del.icio.us aipatu dugu, Yahook erosi baitu egunotan nork bere gogoko helbideak etiketatzeko zerbitzu arrakastatsua eta irratiacom-erako aipagarriak diren loturak jartzen hasi garelako. Zuek ere, irratiacom etiketa gehituta aukera ditzakezue guk aipatzeko modukotzat jotzen dituzuen helbideak eta HEMEN agertuko dira. Musikaz ere jardun dugu, zehazkiago heroinaren inguruko abesti zenbait aipatuz.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 21,4 MB).

32. saioa (2. zatia): Memoria digitala. EGUNKARIAren konstituzio eguna

Ordu biko saio berezi honen bigarren zatian Euskaldunon Egunkaria izan dugu hizpide. Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi elkarrizketatu ditugu Egunkariaren lehenengo zenbakia kaleratu zenetik 15 urte bete diren egunean. Sorrera prozesua izan dugu hizpide Uriarekin eta Otamendi, hainbat pasadizuren bidez berau nola bizi izan zuen kontatzeaz gain, egungo BERRIAren erronkez mintzatu zaigu.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 24,5 MB).

32. saioa (1. zatia): Memoria digitala. RIP, Hertzainak eta Negu Gorriak DVD formatoan.

Durangoko azoka bihar hastekoa dugu eta bertan hiru euskal talderen DVDak aurkeztuko dira. RIP taldearen DVDak taldearen ibilbide osoa jasotzen du, erreportaia eta elkarrizken bidez hainbat lekukok kontatzen dizkigute jakingarri guztiak. Bestalde, han-hemenka bildutako filmazioak bildu eta digitalizatu dituzte Iker Barandiaranek eta Iban Toledok. Barandiaranekin solastu gara honen inguruan. Bestalde, Oihuka disketxeko Ritxi Aizpuru ere izan dugu gurean, Hertzainak-en hainbat bideo biltzen dituen DVDaren inguruan eta fondo musikalaren digitalizazioaren inguruan mintzatuz. Gai bera jorratu dugu Metak disketxeko Zulurekin. Negu Gorriak-en bideoak biltzen dituen DVDa atera dutela eta, bideo zinten iraungitzeaz eta digitalizazioaren beharraz jardun dugu.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 30 MB).

31. saioa: BBBilbo, blogari.net eta 12 ordu euskaraz

Blogs&Beers 2.0 oroituz hasi dugu programa. Kronikak irakurri, loturak eskaini, technorati zein flickr guneek eskaintzen dutena oroituz. Egia esan, blogosferan -zein mediasferan (Berria, Gara, Radio Euskadi)- oihartzuna izan du igandeko ekitaldiak. Blogari.net blogak sortzeko euskarazko lehen plataformako Gorka Juliorekin hitzegin dugu ostean. Ia 80 blog berri sortu dira lehen kolpean, eta bistan denez, gure euskarazko blogosfera biderkatzeko zorian dago. Etengabe hazten joango den seinale. Teknologia Berrien inguruan euskaldunok daukagun ikusgarritasun ezaz gogoetara deitu ditugu gure entzuleak. Gaztelaniaz testu bat irakurri, eta gogoetarako musika ona jarri dugu.
Bilbo 12 ordu
Eta euskaldunok gizartean, Euskal Herrian, euskaraz betetzen dugun tokiaren erakusgarri larunbat honetarako Bilbon antolatu den kultur maratoia: 12 ordu euskaraz. Josu Etxaburu BIGE elkarteko kidea izan dugu gurekin.
Azkenik 18/98 makrosumarioan egin egunkaria eta egin irratia auzitan den honetan, lotura bat egin dugu epaiketara, adierazpen askatasuna aldarrikatuz. Orduan jakin dugu, Marokoko agintariek Sahararen askatasunaren aldeko webgune batzuk ixilarazi gura dituela.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 27 MB).

Blogariak Kafe Antzokian

flickrHemen gaude Bilboko Kafe Antzokian, “Blog & Bears” (blog eta hartzak) topaketan eta, lehen XMEk komentatu duen moduan, erdaraz notas de sociedad deritzon azpigenero merkea jorratuko dugu. Etorri diren lehenengoak eibartarrak izan dira, euren puntualtasun eibartarrarekin. Maite, Luistxo eta e-gor, Gotzon azkenik ez da etorri, gaixoa ohean gripearekin, Joxe Aranzabal bezala. Biak barkatuta, eguraldiaren errua. Etorri diren beste batzuk: Xabier Mendiguren Elizegi, bere liburua aurkeztu du, gainera. Axier ere izan dugu bere irudiak proiektatzen. “Ez naiz argazkilaria” esan digu. Lasai, hemen denok gara eta ez gara idazle, argazkilari, kazetari…
Jarraitu Blogariak Kafe Antzokian irakurtzen