Zer
da irratia.com?
Lehendabiziko
euskal irrati digitala sortu dugu zoro batzuren artean. Sekulako
azpiegitura eduki gabe baina konplexurik gabe abian jarri dugun
esperientzia hau forma gehiago hartuko dituen proiektu baten baitan
dago. Gure helburua bikoitza da: euskal kultura digitalizatzea eta
kultura digitala euskalduntzea. Proiektu zabal horren adierazpen
zehatz bat da euskal irratia digitalizatzea helburu duen hau.
MUSIKA
KANALAK - Eguneko 24 orduetan euskal musikarik onenaren aukera zabalduko
dugu musika kanalen bidez. Momentuz, sei irrati kanal sortu ditugu
euskal musikarik onena "stream" jarioan ziberespaziora igortzen.
Hala nola, kanal nagusiaz gain, "Txosna Rock", "Elektronik", "Triki
Soundz" eta "euSKA-reggae" kanalak martxan dira. Hauetako kanal
bakoitza DJ (edo, hobe esan, IJ) baten ardurapean egongo da eta,
laster, "Folk", "punk-hardcore" eta "Heavy" kanalak ere gehitzeko
lanean ari gara.
ZUZENEKO
IRRATSAIOAK - Zuzenean emango ditugu zenbait irratsaio gure kanal
nagusian: hasteko, "Jalgi Hadi Dantzarat" irratsaio teknofiloa
asteazken gauero. 21.00etatik aurrera. Aurrerago, zuzeneko irratsaio
gehiago gehituko ditugu eta zenbait ekitaldi garrantzitsuren berri
zuzena emango dugu bertatik bertara.
CHAT
BERRIKETA - Entzuleek aldi bereko IRC "chat" berriketa zuzenean
egin ahal izango dute irratiko esatariekin euren galderak eta iruzkinak
bidaltzeko. Gure #irratia kanalera sartzeko IRC chat
programa bat edukitzea gomendatzen dugu. Bestela, beti izango
dugu webetik bertatik sartzea.
GRABATUTAKOAK
- Grabatutako irratsaio eta elkarrizketak aurkituko dituzu hemen:
emanaldi bereziak, "Hitz Egin sarea" eta "Euskal
Herria Zuzenean", besteak beste. Gainera, laster, hainbat euskal
DJen sesioak eta eremu lokaletik at entzungai ez diren irratsaio
interesgarriak eskainiko ditugu mundu osoarentzat. Gure
ekimena Bizkaitik abiatu den arren, mugaz gaindiko ibilbidea hasi
nahi izan dugu Eki Euskal Herriko zenbait musikariren lanak erakutsiz,
gure ikuspegia Euskal Herri osokoa dela islatu nahian.
Gure
helburuak eta izaera (2)
|