25. saioa: bertsolari txapelketa eta Matraka.info

Aurreko asteko aurkezpen saioarekin batera, edukiz gainezka daukagu gaurko irratsaioko eskaleta. Interneteko aktualitateari so eginez, euskal kultura eta kultura digitala uztartzen saiatu gara, beste behin. Besteak beste, bi elkarrizketa izan ditugu gaurkoan:

Txapelketanagusia.com
Igandean Lekunberrin abiatu den bertsolari txapelketa izan dugu hizpide. Pasa hitza lemapean, XXI. mendean erabat txertatutako saioa ikusi genuen aurrekoan Lekunberriko Plazaola kiroldegian. Eskenografia berria, web gune berria, Interneten jarraitzeko aukerak, mp3etan entzuteko saioak, argazki digitalak… Gaur-gaurko txapelketa da bertsolariena. Horretaz mintzatu gara, txapelketako komunikazio zereginetan buru belarri murgildua dagoen Josebarekin. Elkarrizketa skype bidez egin diogu.

Matraka.info eta blogak | Matraka jaia Bilbon
Ikasturtearekin, Berria egunkariako gazte gehigarria ere martxan da. Ikasturte berriarekin, asmo berriak, zelan ez. Matraka.info guztiz berriztatuta topatu dugu, RSS feedak harpidetu ditugu gure lastermarketan, eta bi blog berri ere irakurri daitezke dagoeneko: Gonapetik (Estitxu Elduiaien kazetariarena) eta Erpeka (Onintza Enbeita bertsolari eta kazetariarena). Aurrerapen hauen guztien inguruan mintzatu gara Matrakako arduradun Estitxu Elduaienekin. Horrez gain, gaur bertan Matraka jaia izan dugu Bilbon, Zea Mays taldeak jo baitu Kafe Antzokian.

Saioa eskuratzeko egin klik HEMEN (MP3 56 Kbps mono, 22 MB).

2 erantzun “25. saioa: bertsolari txapelketa eta Matraka.info” bidalketan

  1. Aupa! Jakin nahiko nuke zein kritika egin zizkion Martxelok euskal blogosferari.

    Zorionak i-rratsaioagatik, segi horrela!

Iruzkinak itxiak daude.